María Teresa Verdes

María Teresa Verdes, Emeterio Verdes Atxiricaren eta Manuela Elorriaga Mendietaren alaba, Bilbon jaio zen 1907ko apirilaren 29an.

Gazte zela hasi zen Verdes liburu-dendan lanean. Bilboko Posta kaleko familiako liburu-denda-inprenta zen.

EAJko eta Emakume Abertzale Batzako kidea izan zen.

Garaipen frankistarekin, erakunde ugari debekatu eta desegin zuten 1936an; haietako bat izan zen Emakume Abertzale Batza. Baina errepresioak, atxiloketek eta kartzelaratzeek preso zeudenen aldeko elkartasun-sareak bultzatu zituzten.

Luis Alava Sautuaren omenez “Alava Sarea” deitu izan zaiona (hura izan zen kide nagusietako bat eta 1943an fusilatu egin zuten arrazoi hura zela eta) izan zen Euskadiko presoei babesa emateko eta orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren artean informazioa transmititzeko ekimen garrantzitsuenetako bat. Sareak preso nazionalistei laguntza eman zien. Besteak beste, espetxeen eta kanpoaldearen arteko komunikazio-lerroak irekita mantendu zituen eta informazioa eman zion erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzari zein enbaxada ugariri kartzelaratuek jasan behar zituzten egoeraren eta zigorren inguruan. Informazio hura funtsezkoa izan zen Europako herrialdeek kondenatuen zigorrak arintzeko (batez ere, heriotza-zigorra zutenen kasuan) eta espetxean bizi zituzten baldintzen berri emateko. Horrez gain, oinarrizkoa izan zen espetxe barruan zeudenei herrialdearen eta beren bizitzen bilakaeraren berri (horren inguruko informaziorik ez zutelako) edo kanpoko senideei buruzko albisteak emateko.

Sare horren baitan oinarrizko rola bete zuten lau emakume nabarmendu behar ditugu: Bitxori Etxeberria, erakundea sortzen lehen urratsak eman zituena Elizondotik; Delia Lauroba eta Itziar Mujica Donostiatik, eta  Teresa Verdes Bilbotik. Honako lan hauek egiteaz arduratu ziren: kartzelen eta atzerrian zegoen gobernuaren arteko komunikazio-bideak mantentzea; arlo militar eta politikoko dokumentuak kanpoan ateratzea; erakundea sendotzea; presoei gerraren eta gerraostearen inguruko informazioa ematea eta abar.

Teresa Verdes oinarrizko elementua izan zen atxilotuen egoera prozesalari buruzko informazioa ematen. Gainera, Auditoriako eta Burgoseko Kapitaintza Jeneraleko dokumentuetara sartzeko beharrezko kontaktuak lortu zituen. Bere anaia José Verdes Larrinagako eta Burgoseko kartzeletan egon zen. Hari eta gainerako emakumeei esker, heriotza-zigor ugari atzera botatzea lortu zuten.

Baina 1940an, Alemaniako Gestapok Eusko Jaurlaritzak Parisen, Marceau kalean, zuen egoitza okupatu zuen eta dokumentazio ugari konfiskatu zuen. Dokumentazio haien artean zeuden sareak eskaintzen zuen laguntza baliotsuari buruzko txostenak. Gestapok berehala eman zion informazioa gobernu frankistari eta, 1940ko Gabonetan, lehen atxiloketak egin zituzten Baztanen. Ondoren, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egin zituzten atxiloketak.

Espainiako poliziak sarea desegin zuen: 28 lagun atxilotu zituzten eta, azkenean, 21 lagun auzipetu zituzten. Haien artean zeuden itxialdian “lau emakume euskaldunak” deitu zietenak. Guztiak heriotzara zigortu zituzten 1941ean. Huraxe izan zen auzitegi militar batek heriotzara zigortu zituen euskal emakumeen historiako lehen kasua.

Dena den, Vatikanoaren esku-hartzeari esker, haien zigorrak ordeztu egin zituzten eta Maria Teresa Verdesek 25 urteko kartzela-zigorrari aurre egin behar izan zion. Hala, gainerako emakumeekin batera, Madrilgo Ventas espetxera eraman zuten.

Ez zen gauza bera gertatu Luis Alava Sautuarekin. Heriotza-zigorra mantendu zuten harentzat eta, diplomaziak eta elizak esku hartu zuten arren, 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten. Lau emakumeek beren ziegetatik entzun zuten goiz hartan nola fusilatu zuten haien borrokako kidea Las Ventas espetxetik gertu zegoen Almudena hilerrian.

Las Ventas emakumeen kartzela “espetxe nagusi” bihurtu zen 1941ean. 400-500 lagunentzat eraiki zuten arren, 4.000 baino gehiago jaso zituen eta kartzela haren sinboloak izan ziren gosea, pilaketa eta abar (batez ere, 1941. urtera arte).

María Teresa Verdes, beste hiru emakumeak bezalaxe, 1945ean geratu zen aske zigor-murrizketa ugariren eta indultuen ondoren. Dena den, oraindik ere espetxean zeuden presoen alde lanean jarraitu zuen eta sekula ez zuen galdu euskal aberri desiratu hura lortzeko ametsa.

Joseba Verdesek, Maria Teresa Verdesen ilobak, onberatasunez betetako eta beti besteei laguntzeko prest zegoen emakume gisa definitzen du izeba. Emakumea sekula ez zen bere urratsez damutu; izan ere, beti izan zen bere helburua bere aberriaren, Euskadiren, alde lan egitea.

“Izugarri eman zen pertsona bat zela antzeman nuen. Ez zitzaion ardura. Hura ez zen politika, Euskadiren alde egiteko ekintza abertzalea zen (…) Zoragarria zen ,oso apala. Kanpotik jendea zetorrenean askotan egiten zioten bisita (…) Bere ontasuna gogoratzen dut (…) Bihotza zutela nabaritzen zen (…) Beti zeuden laguntzeko prest. Eta hori da gehien gogoratzen dudana. Izaba ontasunez betea zegoen”.

Teresa Verdes Bilbon hil zen 1959ko martxoaren 16an sinesten zuen kausaren alde bizitza eman ostean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Límite de tiempo se agote. Por favor, recargar el CAPTCHA por favor.