Mónica Carrión García

Mónica Carrión García 1923ko maiatzaren 3an jaio zen Coleman de Orejan (Madril). Sei neba-arreben artean gazteena da nahiz eta zaharrenetako bat ez duen inoiz ezagutu bera jaio aurretik hil baitzen. Haurtzaroa herrian eman zuen, bereziki aita herriz-herriko salmentan laguntzen eskolara joaten baino. Bertan urte pare bat eman zituen non irakurtzen larri ikasi zuen. Herriak emakumeei eskaintzen zien bizitza gustuko ez zuenez, 11-12 urteren bueltan Colmenar utzi eta Madrilera joan zen ahizpa zaharrenaren etxera, ilobak zaintzen laguntzera.

Madriden zegoen bitartean gerra hasi eta hamaika pasadizoz betetako garai gogor bat bizitzea tokatuko zaio. Behin, olio razioa jasotzera joan behar zuen tokian bonba batek eztanda egin zuela gogoratzen du, zorionez bizilagun batek beste toki batean ere emango ziotela esan zion eta hara joan izanak bizitza salbatu zion.

Razionamentuaren ilara ere ez zen toki segurua. Harakinak portal batean uzten sartzen zien eta isilik egotera behartzen zituen. Kalean egon ezean eta soldaduek topatu ezkero, handik eraman zitzaketen ilea moztu eta kopeta aldean “kiki” gorri bat utziz.

Gerra amaitzear zegoela egoera zaildu egin zen Madrilen, hortaz bere aitak berarekin herrira bueltan eraman zuen. Bertan bonbak ez ziren arrisku bat eta bere alaba salbu egongo zen gainerako familia kideekin. Gerra amaitu eta berehala, goiz batez guardia batzuk euren etxera iritsi eta ia familia guztia preso hartu zuten: aita, bi ahizpa zaharragoak eta Mónica bera, ama soilik libre utziz. Herrian gaitutako ziegara batetara eraman zituzten lehen eta probintziako kartzelatan zabaldu zituzten ondoren. Adin ezberdinetako jende asko preso hartu zutela gogoratzen du, bera eta bere ahizpa bezala adinez txikiak zirenak barne, “gorriak” izanagatik. Herriko emakume batzuen bekaizkeriak eta gerran eraildako senide batekiko mendeku gogoak bere herriko jende asko salatu eta epaiketarik gabe preso eraman izanaren arrazoia izan zela baieztatzen du.

Inongo partidutan militatzen ez zuen aita, itxurazko arrazoi gabe kartzelaratu zuten eta gerora, zer leporatu aurkitu ez zioten epai baten ostean, Xativara (Valentzia) desterratu zuten. Urteetara bere emaztearekin Madrilen bildu zen. Ez zen inoiz herrira itzuli.

Mónicaren kasua bere aita zein ahizpenarekiko antzerakoa da. Oraindik hamasei urte bete ez dituelarik itxurazko arrazoi zein bidezko epairik gabe atxilotu eta Aranjuez, Claudio Coello eta Ventas kartzeletan barrena urte eta erdi inguruz eramango dion bere bizitzako garai gogor hau hasiko du. Garaiko kartzeletako pilaketa, garbitasun falta eta elikadura kaxkarreko baldintzak, bereziki zailak izan ziren Mónica zein egoera honetan egon ziren emakume askorentzako. Aske zeuden senideek egindako bisitak eta emandako laguntza gogoratzen ditu, haiek ekartzen baitzituzten arropa eta koltxoiak baina bereziki bere amak, senarra zein alabak laguntzearren sufritu eta jasandako guztia.

Oraindik ere tokiaren gordintasuna eta kartzelaratzearen arrazoiak erakusten dituzten kartzelako kantak gogoratu eta kantatzen ditu:

“La cárcel de Aranjuez
es una gran prisión
donde se muere el preso
por falta de atención (Bis)
Y si quieres comer
Lo tienes que comprar
Porque se coge el rancho
Y lo tienes que tirar (bis)
Te forman en filas de a cuatro
Como si de melones
Tuvieran que tratar…”

“En Claudio Coello existía
una cabina modelo
En la cabina una panda
Que se reía del mundo entero.
Esta panda se compone
De muchachas muy bonitas
Que las tienen en la cárcel
Por el motivo de ser rojillas”

Azkenik, adinez txiki izanagatik, adin txikikoen auzitegiak bere kargu hartu eta mojen ikastetxe batera bidali zuen. Esperientzia honetatik monjek ezarritako esplotazioa, arropategian lan egitea tokatu zitzaion brodatzen jakinagatik, eta gosea gogoratzen ditu, zeina ama-ahizpak ekarritakoarekin asetzen saiatzen den seniderik gabeko neska haiekin elkarbanatu ondoren.

Aske geratu zen unean, toki hori utzi eta ahizpa zaharrenaren etxean azaldu zen. Aurrerantzean Mónicaren lan aukera, barne neskame lana izango da 40. hamarkadako garai hartan non lan hauek burutzen dituzten gazteekiko jazarpena handia izango den.

2008. urtean, Eusko Jaurlaritza Espainiako gerra zibila zein frankismoko kartzeletako biktimei kalte-ordainak eman zizkien Zuzenbide Internazionalaren arabera biktima guztiei zor zaien eskubidea betetze aldera.

Mónicaren semeak tramiteak egin zituen eta bere askatasun gabetasun egoeraren ziurtagiriak lortzeko izandako zailtasun askoren ostean onartu egin ziren. Hala ere berak garbi du: “Jasandako guztiarengatik zerbait eman zidaten, baina ez du merezi, pasatakoa pasa da. Urte haiek tokatu zitzaizkigun… hortaz, egun diot… Bizitzera, egun kapitain jeneralak baikara! Orain guztiaz disfrutatzera!