Cándida Martínez Lópezek eta Maria Dolores Ramos Palomok “La Memoria Histórica de las mujeres. Perspectivas de género” (Emakumeen Memoria Historikoa. Genero-ikuspegiak) artikuluan aipatzen duten moduan: Memoria Historikoari buruzko ikerketa orok bildu behar ditu emakumeen gorputzean eta bizitzan indarkeriak izandako eragin espezifikoak, ezarri zizkieten kargak eta sexu-arrazoia zela eta jasan behar izan zituzten eta haien osotasun fisikoan eta duintasunean eragina izan zuten urratze handienak.
Azken urteotan, emakumeek jasandako errepresioan oinarritutako hainbat ikerketa-lan egin izan da (bereziki, presondegietako inguruneetan) eta horiek emakumeek jasandako torturak eta errepresio-ekintza espezifikoak ezagutzea eta ikusgai jartzea ahalbidetu dute. Haien sexua zela eta, emakumeen aurka era guztietako urraketak egin zituzten (bortxaketak, sexu-abusuak, ilea larru-arras moztea, bazterketa soziala edo amatasunaren tratamendua). Horien guztien helburua emakumezkoak menderatzea, suntsitzea, lotsatzea, eraso egitea, beldurra/izua inspiratzea, makurtzea edo beheratzea zen haiek sexua/generoa sisteman betetzen duten tokia zein frankismoak emakumeentzat agintzen zuen eta lehen aipatu dugun ordena kontuan hartuta.
Emakumeek, ondorioz, errepresio ezberdina jasan zutela esan dezakegu: sexuatua.
Errepresio sexuatu haren adibideetako batzuk dira hauek: ilea larru-arras moztea, errizino-olioarekin egindako purgak, jendaurrean iraintzeko desfileak eta, noski, bortxaketak eta sexu-abusuak, komisaria, kuartel eta espetxeetan ezohiko ez zirenak.
Ilea larru-arras moztea feminitatea definitzen zuten elementuetako bat, ile luzea, emakumezko haiei kentzera zuzenduta zegoen ekintza sinbolikoa zen. Ideologia berriaren arabera, emakumeari ezaugarri hura kentzea ezerezera gutxitzea edo emakumeak zirela ukatzea zen; era berean, gainera, gizarteari eta gainerako emakumeei mezu argia bidaltzen zieten, jarduera politikoen garapena, definizioz, emakumezkoen “funtzio naturaletatik” kanpo geratzen zela argi utzita.
Errizino-olioarekin egindako purgekin, emakumeak “haragikoiak” zirela adierazi nahi zen; izan ere, higienea ukatzeak pertsona arbuiagarri bilakatzea zekarren, ideologia frankistak aldarrikatzen zuen emakumeen imajinariotik urrun. Aipatu berri ditugun bi zigor horietakoren bat burutu ondoren, desfile publikoak iristen ziren; haien bidez, emakumeak mespretxagarri bihurtzen zituzten eta haien feminitateari eraso eginda “purifikatzea” zuten helburu. Gainera, haien gorputza gizonezko aurkaria zigortzeko eta desohoratzeko erabiltzen zuten.
Horrenbestez, emakumearen eredu tradizionala hautsi zutela eta etxera itzularazi behar zirela uste zutelako emakume haiek errepresioa jasan zutela esan dezakegu. Helburu horrekin epaitu eta errepresaliatu zituzten. Hau da, emakumeak zirelako esatea edo egitea ez zegokien hori esan edo egin zutelako.