María Soledad Moral Santa Cruz, “la Navarrilla”, Patricio Moral Santa Maríaren eta María Nieves Santa Cruz Picoren alaba zen. Santurtziko Mamariga auzoan jaio zen 1882ko abenduaren 31n. Bere familiaren zati bat Nafarroakoa zen; hori zela eta, “los navarrillos” deitzen zieten hari eta ondorengoei.
León Aureliano Gutiérrezekin ezkondu eta Portugaletera joan ziren bizitzera; 7 seme-alaba izan zituzten: Antonio, Patricio, Mari Nieves, María, Laura, Aurelio eta Miguel. Ibaiadarren alboan bizi izan ziren eta María Soledad arrain-zaintzailea izan zen. Bere familiako hainbat kidek izan zituzten itsasoarekin eta arrantzarekin lotutako ofizioak.
Hainbat txostenen arabera, María Soledadek modu aktiboan hartu zuen parte 1934ko urriko iraultzan Portugaleten. Bere polizia-fitxan honako hau irakur daiteke: “pertsona iskanbilatsua, seme-alabak ordena-indarrekin liskarrak eragitera bultzatzen ditu”.
“Lotura politikoa zutenak gure aita eta osaba Antonio ziren. Alderdi Komunistako, Sorospen Gorriko, kideak ziren; gainera, aita, Portugaleteko beste zortzi lagunekin batera, Marinelen UGT sindikatuko kidea zen”.
1937ko ekaineko bonbardaketetan, María alabarekin batera, Guriezon (Kantabria) babestu zen, amaren familiak hartu baitzituen. Gerora, han bertan atxilotu egin zituzten, ondasunak konfiskatu egin zizkieten eta Klaratarren komentuan atxiki zituzten. Urte hartako Eguberri egunean, María, alaba, askatu egin zuten. María Soledadek, ordea, etorkizun gogorragoa zuen aurrean: Saturrarango (Mutriku, Gipuzkoa) emakumeen presondegia. 55 urte baino gehiagoko emakumezko preso haietako gutxienetako bat izan zen. Askotan zigortu izan zuten espetxea zaintzeaz arduratzen ziren mesedetako moja haiek Jauna hartzeari uko egiten ziolako.
1939an atera zen espetxetik, baina kanpoan zain zuen errealitatea ere oso gogorra zen: bere ondasunen jabetza kendu zioten eta Aurelio, Antonio eta Patricio semeak preso zeuden atxikipen politikoa zela eta, eta Antonioren eta Patricioren kasuetan, Gerra Zibilean bando errepublikanoan parte hartu zutelako. Aldi hartan, biek egin zuten lan “Arkale” bouan, itsasadarrean portuko gidariaren funtzioak egiten zituenean. Faxistak ezkerraldean sartu ziren garaian, 1937ko ekainaren erdialdean, Portugaleten hondoratu zuten. Patriciok Kantabriara ihes egin zuten miliziekin bat egin zuen; ondoren, Asturiasen atxilotu zuten. 1940. urtera arte preso egon zen Medina de Riosecoko (Valladolid) presoen esparruan.
María Soledad Moralek, Patriciok eta gainerako senideek berriro ekin behar izan zioten beren jaioterrian, Portugaleten. María Soledad 1944ko martxoaren 7an hil zen. Patricio, alarguna, eta hiru seme-alaba zituena, berriro ezkondu zen Vicenta Martín Millasekin, Toledo probintzian jaio eta Alderdi Komunistako kide baten alarguna zenarekin. Diktadura frankistaren lehen urteetako errepresiotik ihesi, Portugaletera iritsi zen hura bere hiru alabekin batera.
“Gure ama gerrako kausa bat da. Ama komunista batekin ezkondu zen komunista izan gabe; eta ama komunista baten emazte gisa tratatu eta errepresioa jasan zuen… Gure amak gaitzespena sentitu zuen; ihes egin behar izan zuen gutxiespena sentitu zuelako, fusilatu baten emaztea zelako ezkertiar guztiak fusilatu edo herritik bota zituzten herri eskuindar batean…”.
Aurelio Gutiérrezek, María Soledad Moral Santa Cruzen bilobak, amonak eta familiako zati batek bizi izandako gertakizunak azaldu dizkigu. Historiarekiko eta familia gehiago ezagutzeko interesak bultzatuta, iraganean ikerketa egin du.
“Gogoratu beharrekoa da. Historia orainaldia da… nondik zatozen, nor zaren eta nora zoazen gogoratzen ez baduzu, ezertarako balio ez dugun pertsona bihurtuko gara”.