Miguela Sáez Ramila

Miguela Sáez Ramila, jatorriz Villabuenakoa, 1905ean jaio zen. Ezkonduta zegoen eta seme bat zuen; familiarekin batera, osaba-izeben etxean bizi izan zen. Ezer gutxi dakigu bere eguneroko bizitzaz, zereginez, interesez edo motibazioez.

Baina bere bizitza laburrean (1940an hil zen, 35 urte zituela), gerra jasateaz gain, gerraosteko aldia ere pairatu zuen. Gerraren amaiera izan beharrean, emakumearentzat espetxeratzea eragin zuen eta, handik gutxira, bere heriotza.

Miguela Sáez Ramilaren familia eta batez ere senarra errepublikaren aldekoak ziren, baina ez zuten afiliazio sindikal edo politiko zehatzik.

Gerra amaitu zenean, Miguela Sáezen udalerrian etxebizitza ugariren erregistroak eta galdeketak egin zituzten irabazleen bandoaren aldekoak ez zirenak identifikatzeko asmoarekin. Hau da, gorritzat, errepublikanotzat, komunistatzat… jo zitekeen edonor.

Arrazoi nabarmenik gabe, polizia Miguela Sáezen eta familiaren etxean sartu zen eta, lehenengo, izeba eraman zuten. Aste pare bat eman zituen atxilotuta.

Askatu zutenean, Miguela Sáez atxilotu zuten eta, izebak bezalaxe, ilea larru-arras moztearen lotsa jasan behar izan zuen. Teknika horrek, lotsa sorrarazteaz gain, emakumeen ustezko libertinajea gaitzestea eragiten zuen. Errizino-olioarekin busti zuten; purgatze haren helburua “barneko toxikotasuna” garbitzea zen haren botere laxante handiari esker.

Herrian paseatzera behartu eta erakutsi ondoren, 1938ko martxoaren 5ean kartzelaratu egin zuten eskuragarri dagoen informazio urrian ikus daitekeenez. Informazio hura Eltziegoko guardia zibilaren postutik ateratakoa da eta Villabuenako herritarrei buruzkoa da.

Gutxi gorabehera handik bederatzi hilabetetara askatu zuten, baina bere egoera fisiko eta animikoa zela eta, ezin izan zuen askatasunaz gozatu. Handik hilabete gutxira hil zen, 1940ko abenduaren 4an, eta 13 urteko semea umezurtz geratu zen.

Miguela bizi izan zen udalerriko bizilagunen ahozko transmisioa funtsezkoa izan da haren istorioa ezagutzeko. Gertakizunak argi uzten du beste emakume batzuek ere jasan zuten eskubideen urraketa.

Miguela Sáezen biloba, Joseba Ibáñez, izan da gertatutakoaren berri eman diguna. Aitak ere ez zion ezer kontatu amonaren inguruan; seguru asko, oroitzapenak eragiten zion mina zela eta. Dena den, udalerriko bizilagunak (batez ere, gertakizun haien lekuko izandakoak) izan dira familiako bizipenak Joseba Ibáñezi jakinarazi dizkiotenak.   Josebak zehaztu duenez, neurri batean informazio partziala da; izan ere, kontatutakoen oroimena eta berak atxikitako informazioa ez dira sekula osoak izaten.

“Aitak adierazi zidana ez zen ezer izan. Haurra zela ama hil zitzaiola, besterik ez nekien. Ez nituen arrazoiak edo beste ezer ezagutzen, aitak kontatu ezin zuen zerbait baitzen.  Ez zidan informaziorik eman eta dudan gutxia gainerakoek kontatutakoa da; hau da, nolabaiteko distantziatik eta denbora-tarte baten ostetik ikusitakoa. Jendea ez da xehetasunetan geratzen eta noizbait inork xehetasun txikiren bat kontatu badit, niri ere ahaztu egin zait. Azkenean, oroimenak gauzen zati handienak bakarrik gordetzen ditu ”

Dudarik gabe, transmisio horri esker posible izan da Miguelaren istorioa ezagutzea. Memoria historikoaren berreskuratzean eta gerra osteko garaia pairatu zutenen aitorpenean aurrera pausu bat.

“Familiarentzat, batzuetan, gogoratu nahi ez dituzten iraganeko garaiak dira, edo lotsaz gogoratzen diren garaiak. Alde batetik ondo dago gauza hauek jasotzea, gure historiaren eta iraganean gertatu zaigunaren oroitzapen bat izateko diru laguntzak egotea. Gauza hauek berriz gerta ez daitezen asmoaz. Bizirik daudenak elikatzeko diru gutxi dagoen egoera honetan askori gogorra iruditu dakieke hildakoak soilik elikatzen dituzten lanak garatzeko dirua bideratzea. Baina gizakia ez da soilik ogiari esker bizi. Nondik gatozen jakin behar dugu eta gure helburuak eta etorkizuna bizitzan izan dugunaren arabera ezarri”.

“Gure bizitza hobetzera bideratzen den edozein baliabide egokia da. Eta gure bizi forma hobetzeko beharrezkoa da gure iragana nolakoa izan den ezagutzeko bideetan lan egitea (…) Bizitzarako beharrezkoa da non bizi zaren, nola iritsi zaren horra, zu baino lehenago nortzuk biziz izan ziren, zer gertatu zen, nola gertatu zen, zergatik gertatu zen, etb. ezagutzea. Horrek bizitza justuago bat ezartzen lagunduko zaitu, akats gutxiagorekin. Eta hori azkenean bizitza kalitatea da”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Límite de tiempo se agote. Por favor, recargar el CAPTCHA por favor.